TEKNIKA

Teknika. Arraunkadaren faseak

Txalupetan bat eginda aritu behar dute ontzi osatzen duten guztiek eta, horretaz aparte, arraunlariak era egokian erabili behar du bere gorputza eta arrauna. Estropadetan, askotan, itsasoan jardun behar du arraunlariak eta arrauna olatuetan erabiltzea ez da lan erraza. Batetik, arraunak kokaleku finko eta neurturik ez edukitzean (arraunketa olinpikoan, bai) arraunlariaren ardura da uretan sartzeko inklinazio egokia ematea.

Bestetik, beso-lana azkarregi, behar baino lehenago, ez egiten saiatuko da arraunlaria; hain zuzen, gorputza, bizkarraren indarraz baliatu behar da, arraunaren ariketa, arraunlarien joan-etorrian, etengabeko kulunkan egiten baita.

Tostako Arraunketa
Arraunkadaren faseak
Arraunkadaren ariketa etengabeko mugimendu ziklikoa da, eta honakoak arraunkadaren faseak

1. Prestaketa

Aurreko arraunkada bukatu ostean, arrauna burraldetik bizkor atera beharra dago, beso-lanez gorputza etzanetik lasaiago zutitu ahal izateko eta, ondoren, erasoaren bila joateko.

2. Erasoa

Arrauna uretan sartzean egindako mugimendu bortitza da erasoa. Oso azkarra izan behar du izan, arraunkadari lehenbailehen ekiteko eta ontziak geldiunerik ez izateko.

3. Pasaldia

Arraunak uretan egiten duen ibilaldia da pasaldia. Palak ondo sartuta baina ur-azalean joan behar du, gehiegi ondoratu gabe. Pasaldian besoz egindako azken bulkadari inkatekoa esaten zaio. Bi azpi-fasetan bana daiteke pasaldia:

-Bizkar-lanekoa: besoak tenkatuta, indarra, gehienbat, bizkarrez eta gorputzaren pisuz egiten da.

-Beso -lanekoa: gorputza etzanda gero besoak bilduz indarra egin behar da, eta azkenean inkatekoa egiten bukatzen da.

4. Irtenaldia

Arrauna uretatik ateratzean gertatzen den mugimendua da irtenaldia. Bizia eta garbia izan behar du, egindako indarrari trabarik ez egitearren. Inkatekoak eskuak azkar jaistea eskatzen du, repaleoa txukun egin ahal izateko.

Arraunketa Olinpikoa
Arraunkadaren faseak

1. Prestaketa. Gutxi gorabehera esan dezakegu arrauna airean dagoen faseari dagokiola. Hain zuzen, arrauna uretatik ateratzen denetik berriro sartu arte. Hiru azpi-fasetan banatzen dugu:

1A - Aurreko arraunkada bukatutakoan arrauna sabelaldetik bizkor atera behar da, baina bortizkeriarik gabe.


1B - Besoak luzatuta, eta tiborta belaunen gainetik pasea dugunean, gorputza pixkat aurreratuta gero, karroa mugitzen hasi behar da, baina leunki.


1C - Karroaren eraginez gorputza aurrera eraman eta hankak bildu egiten dira erasoa prestatzeko. Oso fase garrantzitsua da, bertan arrauna egoki erabili eta karroa ondo kontrolatu behar baita.

 

2. Erasoa. Arrauna uretan sartzen da dagoeneko. Fase honetan hankak indarra egiten hasten dira, ointokiari bultzatuz, eta gorputz osoak, bizkarrak, gerriak eta besoek, parte hartzen dute.

 

3. Pasaldia. Aurrena hankek egiten dute lanik handiena, eta, ondoren, bizkarrak, sorbaldak eta besoek bukatuko dute arraunkada, inkatekoa eginez.

 

4. Irtenaldia. Arrauna uretatik ateratzean, arraun-pala horizontalki jarri beharko da. Repaleoak bizkorra izan behar du arraunak uretan trabarik ez egiteko.


VOLVER