Arraunketak eta emakumeak badute amankomuneko tradizioa eta sustraia Euskal Herrian. Aspaldiko garaiei erreparatuz, aurrekari moduan, Pasaiako emakume arraunlariak aurkitzen ditugu. Hala ere, arraunketaren aro modernoan, 1970. urtetik egunera, modalitate olinpikoa izan da nagusi emakumearen jardueraren birsortze aldian.
Azken bi hamarkadetan, modalitate olinpikoan lehenbizi, eta, ondoren, bateletan, estropada eremutan izan dira neska arraunlariak. Pasai Donibaneko Koxtape, Santurtziko ItsasokoAma, eta Donostiako Arraun Lagunak eta Ur-Kirolak taldeko neskak, nagusiki, izan ziren estropadetan aritu ziren aurrenekoak.
Orduz geroztik, bermeotarrak, oriotarrak, algortarrak, hondarribitarrak, irundarrak eta abarrak parte hartzen hasita, Euskal Herri mailan, Estatu espainolean eta baita nazioartean ere emaitza onak lortu izan dituzte euskal emakume arraunlariak.
Arraunketa olinpikoan eta bateletan
Urte haietan emakume arraunlarientzako lehiaketak antolatzen hasi ziren, arraunketa olinpikoez aparte. Esate baterako, Donostiako Loiola auzoko jaietan eta Lekeitiokoetan bateleko estropadak antolatzen hasi ziren. Bertan, Ur-Kirolak, Koxtape, Donostiako Fortuna, Arkoteko Lutxana, Elantxobe, Ondarroa eta Isuntza taldeetako batelak izan ziren partaide eta, nolabait esateko, emakumeen tostako arraunketako bultzatzaile izan ziren.
Gaur egun, emakumeen txapelketak araututa daude, tostako arraunketan (bateletan soilik) nahiz modalitate olinpikoan. Santurtzi, Arraun Lagunak, Lodosa, Algorta, Hondarribia eta Santiagotarrak dira, batik bat, azken urteotan nesken jarduerari eutsi diotenak.
Pasaiako emakume txalupariak
Historia aztertuz (ikus Historia atala), euskal kostaldeetan gaur egun bitxia suerta daitekeen jarduera batekin topo egiten dugu. Pasaiako portuan ohikoa zen ogibidea, belaontzi handien atoaia, XVII. mendeetatik aurrera, boladetan, emakumeen eskutan egoten zen. Herriko gizonezkoak sarritan arrantzara Groenlandia eta Terranovara joan, edota espainiko armadako kide izatera deituak izanda, hilabete askotarako herritik kanpora ibiltzen ziren.
Garai hartan ohikoak ziren Pasaiako dartsenan emakume txaluparien arteko estropadak, festeetako ospakizun moduan edo desafioek eraginda. Tradizio hari jarraituz, 1962tik, San Inazio egunean pasaitar neskek bateletako estropadetan parte hartzen dute San Juan jaietako programaren barruan.
Ikusten denez, aspaldiko tradizioen eta egungo kirolaren arteko lotura estua izan da, eta pasaitar arraunlariak izan ziren bietan aintzindari eta protagonista.
Eva Mirones, Atenaseko Olinpiadetan
Emakumeen jarduera honen adibide hurrena nazioarte mailan euskal arraunlaria Eva Mirones sanjuandarrarena da. Herriko aspaldiko ohiturari segida emanez, nazioartean itxurazko palmaresa osatuta gero, Atenaseko Joku Olinpikoetan aritzeko aukera izan zuen.
Eva Mirones olinpikoak izan zuen, izan, herrian bertan eredu egokia arraunketa ariketari ekiteko. 1980ko hamarkadan zehar Koxtape taldeko Maite Zunzunegi eta Arantxa Sistiaga buru ziren arraunlari talde bat Estatu espainoleko arraunketan urrezko lekua izan zuten. Skiff, scull bikoitzean eta scull laukoitzean, denetan, podiumeko goiko mailara igotzea lortu zuten denboraldi askotan sanjuandar arraunlariek.
Emakumeak, trainerutan, goi mailan
Emakumeen arraunketak azken hamarkadan bizi izan du jauzia euskal arraunketaren goi mailara. Hain zuzen, 2008an hasita, gizonezkoen parean jarri dira emakumeak, lehenbizi Kontxako estropadan, eta, ondoren, traineruen ligan.
Emakumeen Kontxako Estropaden Palmaresa
| Urtea | Irabazlea | Patroia |
|---|---|---|
| 2008 | Rias Baixas | Laura Hermo |
| 2009 | Rias Baixas | Laura Hermo |
| 2010 | Rias Baixa | Laura Hermo |
| 2011 | Rias Baixas | Laura Hermo |
| 2012 | Rias Baixas | María Gil |
| 2013 | Zumaia | Nagore Osoro |
| 2014 | Pasai Donibane | Inder Paredes |
| 2015 | Pasai Donibane | Nerea Pérez |
| 2016 | Pasai Donibane | Nerea Pérez |
| 2017 | Pasai Donibane | Nerea Pérez |
| 2018 | Pasai Donibane | Nerea Pérez e Izaro Lestayo |
| 2019 | Orio | Nadeth Agirre |
| 2020 | Orio | Nadeth Agirre |
| 2021 | Arraun Lagunak | Andrea Astudillo |
| 2022 | Orio | Nadeth Agirre |
| 2023 | Arraun Lagunak | Nerea Pérez |
| 2024 | Arraun Lagunak | Nerea Pérez |
| 2025 | Arraun Lagunak | Nerea Pérez |
Emakumeen Traineruen Ligako Palmaresa
| Urtea | Irabazlea |
|---|---|
| 2009 | Galizia |
| 2010 | Galizia/Gipuzkoa |
| 2011 | Getaria/Tolosa |
| 2012 | Zumaia |
| 2013 | Zumaia |
| 2014 | Pasai Donibane |
| 2015 | Pasai Donibane |
| 2016 | Pasai Donibane |
| 2017 | Pasai Donibane |
| 2018 | Pasai Donibane |
| 2019 | Orio |
| 2020 | Orio |
| 2021 | Arraun Lagunak |
| 2022 | Orio |
| 2023 | Arraun Lagunak |
| 2024 | Arraun Lagunak |
| 2025 | Arraun Lagunak - Nerea Pérez |