Txalupetan bat eginda aritu behar dute ontzia osatzen duten guztiek eta, horretaz aparte, arraunlariak era egokian erabili behar du bere gorputza eta arrauna. Estropadetan, askotan, itsasoan jardun behar du arraunlariak, eta arrauna olatuetan erabiltzea ez da lan erraza. Arraunak kokaleku finko eta neurturik ez edukitzean (arraunketa olinpikoan, bai), arraunlariaren ardura da uretan sartzeko inklinazio egokia ematea. Bestetik, beso-lana azkarregi, behar baino lehenago, ez egiten saiatuko da arraunlaria; gorputza eta bizkarraren indarraz baliatu behar da, arrauna arraunlarien joan-etorrian etengabeko kulunkan baitabil.
Tostako arraunketa — arraunkadaren faseak
Arraunkadaren ariketa etengabeko mugimendu ziklikoa da. Honakoak dira arraunkadaren faseak:
1. Prestaketa

Aurreko arraunkada bukatu ostean, arrauna burraldetik bizkor atera beharra dago, beso-lanez gorputza etzanetik lasaiago zutitu ahal izateko eta, ondoren, erasoaren bila joateko.
2. Erasoa

Arrauna uretan sartzean egindako mugimendu bortitza da erasoa. Oso azkarra izan behar du, arraunkadari lehenbailehen ekiteko eta ontziak geldiunerik ez izateko.
3. Pasaldia

Arraunak uretan egiten duen ibilaldia da pasaldia. Palak ondo sartuta baina ur-azalean joan behar du, gehiegi ondoratu gabe. Pasaldian besoz egindako azken bulkadari inkatekoa esaten zaio.
Bi azpi-fasetan bana daiteke pasaldia:
- Bizkar-lanekoa: besoak tenkatuta, indarra gehienbat bizkarrez eta gorputzaren pisuz egiten da.
- Beso-lanekoa: gorputza etzanda gero, besoak bilduz indarra egin behar da, eta azkenean inkatekoa egiten bukatzen da.
4. Irtenaldia

Arrauna uretatik ateratzean gertatzen den mugimendua da irtenaldia. Bizia eta garbia izan behar du, egindako indarrari trabarik ez egitearren. Inkatekoak eskuak azkar jaistea eskatzen du, repaleoa txukun egin ahal izateko.
Arraunketa olinpikoa — arraunkadaren faseak
1. Prestaketa

Gutxi gorabehera, arrauna airean dagoen faseari dagokio: arrauna uretatik ateratzen denetik berriro sartu arte. Hiru azpi-fasetan banatzen dugu:
- 1A — Aurreko arraunkada bukatutakoan, arrauna sabelaldetik bizkor atera behar da, baina bortizkeriarik gabe.
- 1B — Besoak luzatuta eta tiborta belaunen gainetik pasea dugunean, gorputza pixka bat aurreratuta, karroa mugitzen hasi behar da, baina leunki.
- 1C — Karroaren eraginez gorputza aurrera eraman eta hankak bildu egiten dira, erasoa prestatzeko. Oso fase garrantzitsua da: arrauna egoki erabili eta karroa ondo kontrolatu behar baita.
2. Erasoa

Arrauna uretan sartzen da. Fase honetan hankak indarra egiten hasten dira, ointokiari bultzatuz, eta gorputz osoak —bizkarrak, gerriak eta besoek— parte hartzen du.
3. Pasaldia

Aurrena hankek egiten dute lanik handiena, eta, ondoren, bizkarrak, sorbaldak eta besoek bukatuko dute arraunkada, inkatekoa eginez.
4. Irtenaldia

Arrauna uretatik ateratzean, arraun-pala horizontalki jarri beharko da. Repaleoak bizkorra izan behar du, arraunak uretan trabarik ez egiteko.